Zertan da Euskal Herria?

Euskal herrietako mugak eta ahulguneak aztertu ditugu, zehaztu ditugu zenbat herritar bizi diren zenbat udalerritan eta lurraldearen antolakuntza nolakoa den.

Hiru milioi biztanle inguru garen herri honetan Atharratzetik Turtziozeraino, Bastidatik Gixuneraino edo Hondarribitik Ablitaseraino lur, industrigune, hizkera eta paisaia askotarikoak biltzen dira. Gure txikitasun horretan dagoen heterogenotasuna Euskal Herriaren ezaugarria izanik, herri izaera nabarmendu eta indartu nahi izan genuen. Horretarako sortu genuen GAINDEGIA orain dela hogei urte.

Euskal Herria berez beti izan da Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen arteko igarobide naturala; kokapen geografiko horrek esanguratsuki eragin izan du gure historian. Gureari utzi, eta Euskal Herria kultura eta hizkuntza askoren arragoa izan da, eta kultura horietatik ikasi dugu. Horrekin batera, gure ekonomia eta gizarte garapena igarobide izate horri loturik joan da. Itsasoa muga baino gehiago zabalgune eta aberastasun iturri izan dugu, eta gehienetan ederki asmatu dugu gure egoeratik etekinak ateratzen.

Ideia horiek generabiltzan Euskal Herrian duela hogei urte pentsatzen genuenean, eta, GAINDEGIAren proiektuari forma ematea erabaki genuenean, globalizazio eta iraultza teknologikoan murgilduta geunden. Oraindik ere, aldaketa abagune sakonean murgildurik gaude. Mundu elkarlotu honetan non eta nola egon nahi dugun ezbaian dago, eta, Euskal Herriaren eraketari dagokionez, ez dugu aurrerapauso esanguratsurik egin. Badakigu jakin egoera ez dela erraza, baina noiz izan dugu abagune errazik?

GAINDEGIAk ur uherretan sortu eta bizi behar izan du, laguntza eta babes handirik gabe, sarri askotan itolarrian baina bizirik. Euskal herrietako mugak eta ahulguneak aztertu ditugu, zehaztu ditugu zenbat herritar bizi diren zenbat udalerritan eta lurraldearen antolakuntza nolakoa den. Ohartu gara kohesioa eta auzolana gure garabidearen giltzarriak direla. Ildo beretik, Euskal Herriko gizarte berrian informazioa, formazioa, teknologien transferentzia, ideien etengabeko trukea eta eraldatzeko gaitasuna funtsezkoak izan dira gizartea eta ekonomia garatzeko.

Profesionalak, enpresariak, unibertsitarioak, sindikalistak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak elkartu ginen GAINDEGIAN. Ikuspegi, formazio eta pentsamoldeen aniztasun hori, oztopo barik, Gaindegiaren ezaugarri bereizgarria bilakatu zen. Horrela, honela zehaztu genuen Gaindegiaren xede nagusia: Euskal Herriko sozioekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, errealitate sozioekonomiko nazionala abiapuntu, eraketarako eta garapenerako ildo nagusiak aztertu eta aurrera urratsak egitea ahalbidetu. Horrela, GAINDEGIAREN sortze helburuak, betiere Euskal Herriaren eraketari eta garapenari begira, hiru alor nagusitan zedarritu genituen:

  1. Egoera aztertu. Euskal Herriko instituzio eta administrazio publikoak, lan munduko erakundeak (sindikatuak, enpresarien elkargoak eta izaera sozialeko erakundeak), unibertsitateak eta ikerketa erakundeak. Horiek guztiek modu batean edo bestean egiten dute egoeraren azterketa. Baina gehienetan nor bere aldetik eta nork bere esparrutik. Ikuspegi osoa eta integratua falta izan dugu. Hala bada, integrazio eta osotasun hori lantzen hasi zen Gaindegia. Hori izan da Gaindegiaren ekarpena, eta horrek eman dio Gaindegiari sinesgarritasuna eta erabilgarritasuna.
  2. Loturak sortu, sareak eratu. Euskal Herriko eragile sozioekonomikoen artean harremanak sustatu ditugu: elkarren ezagutza bultzatu, teknologia eta ezagutzen transferentzia ahalbidetu, alor bakoitzeko erakundeetatik jaso eta euren erakundetze lanetan lagundu: enpresariak direla, lan-elkargoak direla, sindikatuak direla, profesionalak eta hedabideetako sareak. Eta, horrekin batera, lurraldeen artean eta lurralde barruan dauden desorekak aztertu eta gainditzeko bideak bilatu.
  3. Informazioa hedatu eta eztabaidak sustatu. Euskal Herriaren eraketaren eta garapenaren gaineko gaietan murgildu gara Euskal Herriaren irudia proiektatzeko. Lehiari muzin egin gabe, beraren gainetik nazio proiektuak posible direla erakutsi dugu.

Big data-ren garaiotan, datuak modu egokian ustiatzea eta interpretatzea guztiz beharrezkoa da. Euskal Herriak, garaiotan izan izango bada, hain zuzen ere, hori behar du. Hori egiten zuen, besteak beste, Gaindegiak. Hori da, gure ustez, Gaindegiak egin beharko lukeena, nork bestela?